La Cuchara kolektiboak antolatu ohi duen Arte Hormonatua aurtengo edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta bertara askotariko proiektuak aurkeztu ahalko dira, hala nola, instalazioak, bideo-lanak, antzerkigintza, dantza, eskultura, ilustrazioa, pintura edo performancea.
“Arte Hormonatua jaialdian hainbat diziplina artistiko eta musikal bizi dira elkarrekin, eta askotariko kezkei erantzuna eman nahi die euskal garaikidetasunarekin loturiko makina bat espresiobideren bitartez”.
Jasoko dituzten proposamen guztietatik 20 bat inguru aukeratuko dituzte. Lanok egun ezberdinetan erakutsiko dira. Hala, apirilaren 27tik maiatzaren 7ra erakusketa izango da, eta apirilaren 27an moda eta bideo artearen txanda izango da. Guztiak BilbaoArten izango dira ikusgai.
Apirilaren 28an itxiera ekitaldia egingo dute eta era berean, akziozko arterako tokia ere izango da; non izango den oraindik zehazteke dago.
Halaber, maiatzaren 4an eszena esperimentalak bere lekua izango du Guggenheim Bilbao Museoan.
Proiektuak aurkezteko oinarriak eta bestelako xehetasunak La Cuchara kolektiboaren webgunean jasotzen dira.
