Aiaraldeko Kultur Faktorian egiten ari den Arte Hartze Zikloak sei emanaldi antolatu ditu azarora bitartean. Udazkeneko igande arratsaldeetan, Aiaraldean, zuzeneko ikuskizunak (antzerkia, kontzertu eta hitzaldi performatiboak, errezitaldiak eta bertso-saioak…) eta artistekin solasaldiak eskainiko dira.
Urriaren 13an, bi saio atondu dira: Eukalyptus eta Loa, loa lagun. Lehenengoan, Jon Ander Urresti, Beñat Urrutia eta Matxalen de Pedro arituko dira. Jon Ander Urresti aktoreak Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka irabazi zuen duela bi urte Eucalyptus izeneko proiektuarekin. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso zuen, eta urtebeteko epean proiektua gauzatu zuen. Antzezlan horretako protagonistak eukaliptoak izango dira: “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako; periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.
Bigarren saioan, Maider Lasa Santamariak kontzertu performatibo bat egingo du. Loa loa, laguna proiektu eszeniko eta diziplinartekoa da. Bertan euskal nana tradizionalak berreskuratzen dira, horietako sei euskal herri-kantutegitik datozenak dira, bere garaian Azkuek dokumentatuta. Horiek eraldatzeko eta sortzeko asmoa da, eta hainbat gairi buruzko bertsio berriak izango dira, tartean, sexualitate eta sentsualitateari buruzko hausnarketak ere.