Nontzeberri

Arte garaikidearen sorkuntza eguzkiz beterik dator

Nafarroako Museoak 9 Eguzki ekintza artistikoen zikloa ospatuko du, asteazkenero, irailaren 9ra bitartean. Ekimenaren helburua arte garaikideko programazioa eskaintzea da, bai eta Nafarroako sorkuntza babestea eta kultura udako aisialdirako aukera gisa sustatzea ere.

“Saio bakoitzean arte-ekintza bat gauzatuko da, zuzeneko bizipen bat denbora errealean, artistek eta ikusleek partekatua eta emozioak eta ideiak isurtzea eraginen duena. Parte hartuko duten artistek saiakuntzak eginen dituzte beren diziplinen mugetan –marrazketa, gorputza, ahotsa, soinua, testua, irudia- eta ikusleek jasotzen dituzten pertzepzioen espektroa handitzen ahaleginduko dira.”

Leire Urbeltz ilustratzailea izan zen uztailaren 15ean zikloari hasiera eman ziona. Herenegun Voces errantes ahozko performancea egin zuen Zarys Falcó & Katanga Project kolonbiarrak. Datorren astean, uztailaren 29an, Ghislaine Verano dantzariak Mirador de realidad izeneko performancea eskainiko du.

Abuztuan zikloak jarraipena izango du  J’aime musikariaren Love and Squalor kontzertu elektroakustikoarekin. Abuztuaren 19an, Led Silhouettek gorputzaren eta espazioaren arteko harremana jorratuko duen dantza garaikideko ikuskizuna egingo du.
Itxaso Markiegik Irla izeneko gorputz-performancea egingo du abuztuaren 26an.
Eta zikloa bukatzeko, bi ekintza artistiko gehiago irailean. Irailaren 2an, Itsaso Iribarrenek eta German de la Rivak Baila, escucha, contempla: accionando palabras egingo dute, eta irailaren 9an Martín Etxaurik eta Xabier Erkiziak Makinen intimitateari buruz, ikus-entzunezko performance bat egingo dute.

Exit mobile version