Nontzeberri

Arte Eszenikoen programazioa asteburu honetan hasiko du BBK Salak

Bilboko BBK Salan, otsailaren 22an, aurtengo Arte Eszenikoen programazioari ekingo diote Adriana Bilbao koreografo eta flamenko dantzariaren Amores-Maitasunak lan berriarekin.

Gai sozialak eta emakumea erdigunean egongo dira berriro, eta proposamen gehienak emakumeek idatzi edo zuzenduko dituzte. Hori da aurten hartutako lau euskal muntaien kasua, programazioaren beste ardatzetako bat tokiko sorkuntzaren aldeko apustua baita.

Gaurkoaren ostean, hurrengo hitzordua martxoan izango da, eta Rakel Rodríguez Ruiz diziplina anitzeko sortzaile andaluziarra izango da protagonista. Ondoren, María Goiricelaya antzerkigile eta zuzendaria etorriko da, La Dramática Errante bere konpainiaren nazioarteko lehen ekoizpenarekin: Filtro.
Maiatzaren 4an, Anita Maravillasen (Miren Larrea bizkaitarraren eta Valentina Raposo txiletarraren euskal konpainia) Andereño lana ikusteko aukera egongo da. Geroago, maiatzaren 31n, Andrea Jimenezen Casting Lear lan arrakastatsua oholtzaratuko da.

Udazkenean iritsiko dira Pequeño cúmulo de abismos (Cris Blanco; urriak 24) eta Enciclopedia del dolor: Tomo 1: Esto que no salga de aquí (Pablo Fidalgo; azaroak 7).

Aurten ere hainbat ikastaro eskainiko dira, eta Noemí Rodríguez galiziarrak urrian Haz lo tuyo izenburupean emango du bat, non sorkuntza prozesu oso bat egitea proposatuko duen.

Exit mobile version