Gaur berton, abenduaren 11n, Umorea Labur jaialdiaren beste edizio bat hasiko da. Aste betez, komedia-zinemak protagonismoa hartuko du Arrigorriagan. Aurten, ia 300 lan jaso ondoren, guztira 44 film labur erakutsiko dira.
Aurtengo nobedadeetako bat da Umorea Labur nazioartekoa bihurtu dela. Edizio honek, lehen aldiz, nazioarteko atala izango du, eta aurten Italiako onena ekarriko dute herrira. Beraz, aurten jaialdia hiru sailetan banatuko da: Kar Kar, Ja Ja eta Ha Ha. Hortaz, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko film laburrak bilduko ditu jaialdiak. .
Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmentzen dira. #Nosolopaja atalak 7 film labur bilduko ditu, Arrigorriagako edo inguruko jendeak zuzendu, protagonizatu edo egindakoak. Lehen aipatu den bezala, nazioarteko atalean, fokua Italian egongo da, Napoliko NaNo Film Festival jaialdiarekin lankidetzan.
Beste aldetik, eskolako eta institutuko gazteek publiko aktibo gisa parte hartu ahal izango dute iRRIBarri eta Sari Gaztea programen bitartez. Guztira 50 film labur baino gehiago proiektatuko dira hainbat sailetan.
Aurten, berria ere badira JaJam Sessions saioak. Hauek zuzeneko jarduerak dira (bakarrizketak, kontzertuak, mikroteatroak eta performanceak), eta udalerriko hainbat tokitan (tabernetan edo gaztetxean) antolatu dituzte. Nabarmentzekoak dira Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.
Umorea Lab proiektua ere bidean jarriko da. Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.
Lehiaketak 7.000 €-tik gorako sariak banatuko ditu.
Egitarau osoa: Umorea Labur