Nontzeberri

Arriaga Antzokiaren denboraldiari agur esateko, Beethoven

Arriaga Antzokiak agur esango dio 2025-2026 denboraldiari modu eder batean, eta bihar, ekainaren 21ean, Ludwig van Beethoven ospetsuaren Missa Solemnis maisulan handia eskainiko du oholtza gainean.

Nuno Coelho portugaldar zuzendari gaztea arduratuko da musika zuzendaritzaz eta lehen mailako lau abeslarik interpretatuko dute: Mira Alkhovik, Nerea Berraondo, Michael Porter eta David Menéndezek. Haiekin batera arituko da 100 ahotseko abesbatza handia, Bilboko Koral Elkarteak eta Iruñeko Orfeoiak osatutakoa. Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) arduratuko da interpretazio instrumentalaz.

Arriaga antzokiak  modu honetan deskribatu du obra handia: “Missa Solemnis maisulan monumental bat da. Kristau-liturgiarako egina izan arren, lanak gainditu egiten esparru erlijiosoa, eta gai unibertsalak jorratzen ditu: errukia eta erredentzioa. Lanean zehar, Beethovenek emozio-sorta zabala esploratzen du, solemnitatetik eta kontenplaziotik hasi eta asalduraraino eta ospakizuneraino. Horri esker, lanak sakontasun emozional aparta du. Rudolf von Habsburg artxidukea, Beethovenen ikasle eta babeslea, Olmützeko apezpiku izendatu behar zutelako ekin zion konpositoreak lanari. Hori ospatze aldera, Beethoven 1818an hasi zen partitura lantzen, baina 1822ra arte ez zuen amaitu. 1824ko maiatzean, obra partzialki entzun zen Vienan, bere Bederatzigarren Sinfonia ere estreinatu zen kontzertu berean.”

Exit mobile version