Ruper Ordorikaren kontzertuak, hilaren 30ean, ostegunean, emango dio amaiera 2021 urteari Arriaga Antzokian. Egun bat lehenago, hilaren 29an, asteazkenean, familiei zuzendutako Hurkus & Laika ikuskizuna ere programatu da.
Ruper Ordorikaren kontzertuan Amour eta toujours disko berriaren kantak entzun ahalko dira. Oñatiko kantautorea Mugalaris taldearekin arituko da: Arkaitz Miner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria), eta horrez gainera Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak).
Kantu eta molde berriak sortu ditu musikagileak, izan ere, Kubara jo eta hango doinu eta giroetan inspiratutako Amour eta toujours lana sortu du.
Elkar diskoetxeak azaldu duen bezala, “lan berri hau poliki-poliki garatu da Ruperren buruan, Kubara egindako lehen bidaietatik bueltaka ibili duen ideia izan da. Horretarako Kubako musikari handiak ondoan izatea nahitaezkoa izan da, haien soinu kontzeptu bereziaren ildotik sortu baititu Ruperrek kantuok. Alegia, disko honetako kantuak benetan bereak egiteko Lino Lores eta Yaroldy Abreu bezalako musikari bikainekin jo eta grabatu du, ondoren Kenny Wollessen eta Dani Perez bezalako goi mailako musikariak, Ruperren aurreko diskoetatik ezagutzen ditugunak, gehitu zaizkiolarik proiektuari.”
Eta diogun moduan, egun bat lehenago, Hurkus & Laika ikusgarria, bi ipuin musikatuak izeneko ipuin kontalari musikal dibertigarrian, hain zuzen. Andoni Alemanek eta Miren Lourdes Mitxelenak kontatutako bi istorioz gozatzeko aukera egongo da. Bertan ere, Gaudeamus Korala Gernikako abesbatzak eta Kuraia Ensemble talde instrumentalak interpretatutako David Azurzaren musika haizatuko da. Berez, Hurkus, Joxemari Iturralderen testua da, eta Laika, Bernardo Atxagaren jatorrizko testua.