SOS Arrazakeria erakundeak immigrazioa ardatz duten bi zine emanaldi ondu ditu martxoan, Bilboko La Bolsa erakinean. Hala, martxoaren 18an, Frozen River (Courtney Hunt,k 2008) proiektatuko da, eta 20an, berriz, Le Havre (Aki Kaurismäki, 2011). Biak ala biak 19:00etan hasiko dira.
Melissa Leo eta Misty Upham dira AEBetako Frozen River ekoizpenaren aktore nagusiak. Bi aktoreek Kanadatik AEBetara joan nahi duten etorkinei laguntzen dieten bi emakumeren azalean sartzen dira.
Ray Eddie herrixka batean bizi da, Mohawk erreserbaren ondoan, New Yorkeko Estatuaren eta Quebec hiriaren artean. Bere senar joko zaleak ihes egin du bere ametsetako etxebizitza erosteko aurreztuta zeukaten diruarekin. Eddiek, hondatua eta bi seme-alabarekin, erreserban bizi den Lila Littlewolf neska ezagutuko du, zeinak Kanadatik AEBetara, San Lorenzo ibaiaren bidez, joan nahi duten etorkinei laguntzen aritzen den.
Filmak makina bat sari jaso zituen 2008an; hala nola, Sundance Festival jaialdian film onenaren saria jaso zuen, eta Donostiako Zinemaldian Melissa Leo emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen. Horretaz gain, Oscar sarietara ere izendatu zuten, emakumezko aktore onenaren eta gidoi original onenaren ataletan.
Le Havre filmak, berriz, Frantziako Le Havre portu-hirira bere emaztearekin borondatez erbesteraturiko idazle bohemio baten istorioa kontatzen du. Zapata-garbitzaile lanetan aritzen da literatoa jendearengandik gertuago sentitzeko asmoz. Anbizio literarioak baztertu, eta bizitza lasai horretan murgilduko da mutiko beltz etorkin batekin topo egin arte. Orduan, estatuaren mekanismo hotz eta itsuen kontra borrokatu beharko du.
Kaurismäki egungo zinemagintzako zinegile ospetsuenetarikoa da. Bere lanak jaialdi esanguratsuenetan ikusten dira. Ariel (1988), Leningrad cowboys go America (1989), Tulitikkutehtaan tyttö (The Match Factory Girl, 1990), I hired a contract killer (1990), La vie de Bohéme (1991), edo Drifting Clouds, (1996) bere filmografiako film nagusiak dira, zeinak klasiko moderno bihurtu diren.
