Nontzeberri

“Arrastoak” antzezlana, Biarritzeko Colisee Antzokian

Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren baitan, Biarritzeko Colisee Antzokian, berriki Donostia Antzerki Saria eskuratu duen Dejabu panpin laborategiak sorturiko Arrastoak antzezlana ikusteko parada izango da, martxoaren 18an, 20:30ean.

“Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Gutxien espero zuenean ama hilik topatu dute, eta galderak azaleratu zaizkio bor-borka. Galderaz galdera denboran atzera egingo du Lurrek, memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimendu eta munstroei aurre egiteko. Intrigaz eta ezustez betetako bidaia bat hasiko du orduan. Galdera bat egitea delako lehen arrastoa”.

Euskaraz sortua, memoria eta transmisioari buruzko gogoeta egiten da bertan, thriler kutsuko kontakizun tragiko bezain umoretsua oholtzaratuz.
Dejabu panpin laborategiaren proposamen berri honetan, Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga dira antzezleak, eta testua Oier Guillanena da.

Lanak hainbat txoko bisitatu ditu dagoeneko: Azpeitia, Orereta, Donostia, Elorrio, Leioa, Bilbo, Hendaia, Zumaia, Gernika, Basauri, eta abar.

Exit mobile version