Arraia-Maeztuko Kultur Astea uztailaren 13tik 20ra bitartean egiten ari da. Programak familientzako jarduerak, antzerki ibiltaria eta bisita antzeztuak bildu ditu aurten.
Egitarauaren ekitaldi nagusiak honako hauek dira: bihar, uztailak 16, Ipuin Bidea izeneko saioa egingo da Ataurin, 18:00etan. Antzerki-bisita familiarra da, Asfaltokia Interpretazio Zentrotik eta Lucia Meategitik.
Uztailaren 17an, La Casa taldearen kontzertua izango da, 20:30ean. Eta uztailaren 18an egun berezia eta ikusgarria izango da, Deabru Beltzak taldeak Su Talka antzezlana egingo baitu Maeztun, 22:00etan.
Su Talka gaueko ikuskizun ibiltaria da sei aktore eta musikari dituena, eta betiko legez, dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia uztartzen dituena. “Lan honetan txinpartak sortzen dituzten danborren talka, transmititzen den beroa, erritmoa eta argia ekartzen dira gogora. Ikuskizun harrigarria, publikoarekiko topaketa eta elkarreragina sustatzen duena”.
Euskal Herriko inauteri zaharrenetako eta enigmatikoenetako batean oinarritutako sorkuntza da taldearena: “Altsasuko Inauteriak. Indarrez eta misterioz beteriko ospakizun zahar honek Momotxorroen irudi harrigarriarekin konektatzen gaitu ; irudimen kolektibotik sortzen diren pertsonaiak, transgresioaren, identitatearen eta errituaren ikur bihurtuta. Erritmoa eta sua, konpainia horren ikur ezaguterrazenak – milaka urteko inauteri honen esentziarekin bat egiten dute, garai, hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko talkaren bidezko ikuskizun bat sortuz”.
Deabru Beltzak taldea 1996an jaio zen, Euskal Herriko hainbat talde profesionaletako aktoreen eskutik. Bost kontinentetan eta 40 herrialdetan baino gehiagotan aritu dira, eta Euskal Herriko konpainiarik internazionalena izatea lortu dute.
