Musika sortzaile berriei plaza eskaintzeko asmoz, Kulturaz Kultur Kooperatibak Arkupehotsak egitasmoaren zortzigarren ediziorako deialdia egin du. Izen ematea urtarrilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Bertara aurkezteak badakartza onura ederrak antolatzaileek adierazi duten moduan: “Deialdian hautatuko diren taldeek Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, bertan entseatu eta zuzenekoa prestatzeko. Horrez gain, martxoaren 14a taldeen arteko topaketa-eguna izango da. Taldeek elkar ezagutu eta jakintzak elkarbanatzeko aukera izateaz gain, bi formakuntza saio jasoko dituzte: artistikoa eta teknikoa. Saio horiek izaera praktikoa izango dute. Saio teknikoa, esate baterako, musika talde profesional baten soinu-proban bertan gauzatuko da, zuzenean. Bestetik, tailer artistikoan gazteek formakuntza jasotzearekin batera, bidelagunaren aldetik sortzen ari diren abestien inguruko aholkularitza jasoko dute.”
Proiektuan parte hartuko duten taldeek 2026ko ekainaren 13an kontzertua eskainiko dute. Aurten gainera, musikak herriko kaleak hartuko ditu eta zuzeneko emanaldia Azpeitiko plaza nagusira eramango da.
Talde edo bakarlari bakoitzak, gainera, 300 euro jasoko ditu zuzeneko kontzertuaren truke. Baita euren zuzenekoaren audio-grabaketa profesionala egiteko aukera ere.
Informazio gehiago eta izen ematea, hemen.
