Nontzeberri

Arkitektura-kutsua duen eskultura

Iruñeko Ziudadelako labean, apirilaren 1etik ekainaren 28ra arte,  Leyre Arraiza artistak  Muskoko izeneko erakusketa paratu du.

Leyre Arraizak Erronkariko jantzi zati baten izena hartu du erakusketari zentzua emateko. Izan ere, muskoko da erronkariar jantzia osatzen duen mantelinaren erdigunea markatzen duen borlaren izena. Arraizak Muskokoarekin jolasten du, “ispilua saihesteko elementua eta erdigunea aurkitzeko lengoaia; baina, horrez gain, begiratzeko eta zeharkatzeko beste modu bat ere bada, berak deskribatzen duen moduan.”

Baina erakusketan Leyre Arraizak ehunak erabili beharrean zura aukeratu du bere instalazio artistikoa burutzeko. “Zuloz beteriko zura da, eta erdigunea markatzeaz ez ezik, espazioa eta begiratzeko, zeharkatzeko eta dantzatzeko beste modu hori nabarmentzen du”.

Leyre Arraiza artean graduatua eta Ikerketa eta Sorkuntzako masterduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta oraingo honetan arkitektura-kutsua duen eskulturaren aldeko apustua egin du, eta “paisaiaren egunerokotasunetik esploratzen ditu espazio eta gorputzaren arteko harremanak”.

Bere obra ikusgai izan da Huarte Zentroan, Rekalde aretoan eta Montehermoso Kultur Zentroan. Hainbat sari eta beka jaso ditu, hala nola Ertibil Bizkaia, Nafarroako Artista Gaztearen Saria eta BilbaoArte Fundazioan egonaldia.

Katalogo honetan dituzue jakingarri guztiak.

Exit mobile version