Irunen Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXVI. edizioa azaroaren 16tik 21era egingo da. Aurtengo edizioan, 60 proposamen jaso dira, Frantziatik, Espainiatik, Italiatik eta Txiletik, eta 24 aukeratu dira parte hartzeko.
Gaur berton hasiko da zinemaldia Amaia Kultur Zentroan, Javier Trueba eta Gabriela Villecco zuzendarien El valle de los neandertales filmarekin, eta azaroaren 21ean bukatuko da sari banaketa eginda eta En busca del fuego film ezagunaren emanaldiarekin.
Sariak emateko ikus-entzunezko baliabideen eta arkeologiako munduaren adituek osatuko dute epaimahaia. Aurten, Lourdes Herrasti, Beatriz Agramonte, Valentina Porcheddu, Giorgio Studer eta Mertxe Urteaga arituko dira lan horretan.
Sariak honako hauek izango dira: Zinemaldiko sari nagusia (2.000 euro); ikusleen sari berezia (1.000 euro); Genero-ikuspegiko EITB saria (1000 euro); Hezkuntza-saileko saria (750 euro).
Edizio honetan inoiz baino ikasle gehiagok parte hartuko dute, 500 baino gehiagok, eta lehenengo aldiz Donostiako eta Orioko ikastetxeetakoak izango dira bertan.
Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.
