Nontzeberri

Aritz Pardinak “Ibai ahoak” saiakera plazaratu du

Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du Aritz Pardinak idatzitako Ibai ahoak izeneko saiakera.

Filosofian lizentziatua, bere formazioaren ajeak eta egunerokotasunak eragindako kezkak ekarri ditu orriotara. Aforismoen bidez, eta literatura eta filosofiaren arteko mugak jorratuz, hainbat kontzeptu eta ideiaren inguruko gogoetak eskaintzen ditu. Musikaria ere baden aldetik musikaren eta lengoaiaren arteko loturak eta kontraesanak aztertu ditu liburuan. Musika aldarrikatzen du bizitzaren metafora boteretsuena bezala. Musika eta isiltasuna. Musika eta bizitzaren bilakaera. Haren aforismoetako batek dioen bezala: “Musika isiltasunaren eta soinuaren arteko dialektika da”. Dialektikan barneratzeko gonbita egiten digu egileak, azaleko pentsamendua eta zarataz betetakoa alboratuz. Galderak eginez, zalantzak plazaratuz, eta kontzeptuetan sakonduz. Gure gaurko mundua eta inguruan dauzkagun gailuak begi bistatik galdu gabe: “Telebistaren bitartez datuaren, abiaduraren eta egokitasunaren parametroetara mugatzen da gure hizkuntza”.
Bide batez, aforismoari berari buruzko gako batzuk eskaintzen ditu liburuaren amaieran. Bizi-jakinduriarekin, laburtasunarekin eta zorroztasunarekin lotzen du aforismoa. Eta alderaketa esanguratsua egiten du teknologia berrien eremura hurbilduz: “Edozein epai ez da aforismoa, hark funts filosofikoa baitu. Twitterren epai asko daude, milioika; aforismoak, aldiz, gutxi”.

Exit mobile version