Maiatz argitaletxearen eskutik, Aritz Mutiozabalek Hutsartea poema liburua aurkeztu du Baionan. Liburua bost ataletan banaturik dator: Geografia zartatuak da lehena; bigarrena Ametsen itsasaldia deitzen da; hirugarrenari Amnesia markako erlojua deitu dio; laugarrena Mihia huelgan da; eta azkenik, bosgarrena, Eklipse bat nire ordenagailuan izenekoa da.
Berak adierazi digu zertan den liburua eta poesiarekin duen grina: “Literarioki, bitarte huts batean hasi nintzen poemategi honekin. Artean ez nekien liburu bilakatuko zenik, ezta liburu baterako proiektu izan zitekeenik ere. Duela bi urte eta erdi nire lehen poema liburua eman nuen argitara, hura ere Maiatz argitaletxearen babesean: Gorren dantzalekua. Prozesu luzea izan zen, eta denbora batez poesiarik ez idaztea erabaki nuen, hutsarte bat hartzea. Beste literatur genero batzuk ukitzeko, eta batez ere irakurtzeko.
Kontua da poesiak baduela nigan halako menpekotasun bat, barruak hustutzeko balio didana, edo zer kontatua dudanean beregana jotzera eramaten nauena. Eta pixkanaka-pixkanaka poema solteak idazten hasi nintzen, eta gauza bat zela eta bestea zela, koadernoan dezente pilatu zitzaizkidala konturatu nintzen. Hutsartea ez zen horren hutsa izan, beraz”.