Nontzeberri

Aristide Stornelli artistaren jolas zehatzak

Aristide Stornelli artistak Joko Konkretua izenburuko erakusketa paratu du, Bilboko La Taller galerian, maiatzaren 30era arte. Gaur inauguratuko da.

Italiar eta venezuelar jatorriko artista da Stornelli, egun, Busturian (Bizkaia) bizi den arren; Venezuelako Cristobal Rojas Arte Ederren eskolan ikasi zuen.

Marrazki serie bat eta bideo bat paratu ditu La Taller galerian, lan horiek Austriako Bregenz hiriko Kunsthaus zentroan izandako erresidentzia artistikoan burutu zituen.

Stornelliren obran, nabarmena da azpikulturaren eragina, hau da, kanpoko mundu batetik datozen erreferentziak, musika, zinea, telebista… erreferentzia horiek guztiak mota askotako euskarrietan egindako irudietan islatzen dira.

Alfredo Begiristainek ondokoa idatzi du erakusketaren harira: “(…) sare, egitura, materia, lerro, ehundura eta euskarriek atzerako ispilu baten antzekoari so dagoen begirada tenkatzen dute, eta ispilu horretatik bere (Stornelliren) kultura bisualaren erritualak eta arrastoak irakur daitezke, baina gizakion dramaren ebidentzia askatzen du, gure errepikapenarena”.

Exit mobile version