Zarauzko hainbat artista eta sortzailek Ariola Eguna izeneko ekimena atondu dute maiatzaren 5ean. “Barruan denok daukagun artista atera nahi dugulako, gizarte sortzailea lortzeko bidean”. Horretarako kultur egitarau oparoa ondu dute.
“Sorkuntza hori kalean erakustea nahi dugulako, herriko artistak kalera aterata. Artearekin esperimentatu, jolastu eta ikertu nahi dugulako. Sortzailearen abiapuntu, bilgune eta erreferente izatea nahi dugulako, kultura librea sinesten duten guztiekin. Herriko kultur egitasmoa iraultzeko beharra ikusten dugulako”, adierazi dute ekimenaren antolatzaileek ohar bidez.
Hala, larunbateko egitaraua 10:00etan hasiko da herriko Frontoi txikian. Ordu erdi geroago, Ipurdi Plazan antzerki eta zirku tailerra, eta Argazki bidaia literarioa erakusketa izango dira. Ordu berean, baina Torre Luzean, hip hop kulturarekin loturiko ekitaldiak izango dira HitzARI ARIma hARItu nahian ARI gara lelopean. Frontoi Txikian, halaber, serigrafia, sormen eta graffiti, eta bitxigintza tailerrak izango dira, esku pilota ikasteko aukera ere egongo da. Eta Azken Portuko Baratzan nekazaritza ekologikoaren gaineko ekitaldiak izango dira.
Eguerdi partean, herri bazkaria, bertso saioak, trikitilariak eta bestelakoak izango dira. Geroago, 17:30ak bueltan, Ipurdi Plazan sukaldaritza eta sendabelarren inguruko tailerra izango da,eta Frontoi Txikian, berriz, goizean eginiko lanen erakusketa. Azkenik, iluntzean, 20:00etatik aurrera, aipaturiko frontoi horretan herriko bakarlari eta musikarien emanaldiaz gozatzeko parada izango da.
Egitarauaren xehetasun guztiak Ariolaren webgunean jasotzen dira.