Ekainaren 10, 11 eta 12an, Europar Batasunak Europa Creativa programak babestuta, Lit-Up plus Galeusca nazioarteko topaketa hiru lekutan egingo da: Euskaltzaindiaren egoitzan, Aquarium-eko auditorioan eta San Telmo museoan.
Proiektuko zortzi bazkide europarren ordezkariak izango dira bertan, baita Galeuska Editoreen elkarteetako ordezkariak ere: Asociación Galega de Editoras; Associació d’Editors del País Valencià; Associació d’Editors en Llengua Catalana; eta Euskal Editoreen Elkartea
Lir-Up topaketak “argitaletxeen arteko harremanak erraztea eta bitarteko sare bat sortzea du helburu, argitaletxeei eta egileei nazioartekotze prozesuan laguntzeko. Lit-Up hiru urte eta erdiko asmo handiko programa baten parte da, eta euskal argitaletxeei Europako azokak eta jaialdiak ezagutzeko eta hizkuntza gutxituetan diharduten argitaletxeen arteko harremanak ezartzeko aukera ematen die”.
Bestalde, 1986az geroztik ospatzen den Editoreen Galeusca topaketaren hamahirugarren edizioa burutuko da aurten hainbat gai tratatzeko, eta “euskaraz, katalanez eta galizieraz argitaratzen duten argitaletxeek hizkuntzaren arazoari, larrialdi linguistikoari eta liburuen salmentei” buruzko gogoeta egingo dute.