Ekainaren 18tik uztailaren 31ra bitartean, Durangoko Museoan, Enrike Urrutia Capeauren Argiaren paisaiak margo erakusketa ikusi ahalko da.
Capeauk liburu askoren portadak ilustratu ditu. Ohikoak dira bere lanak Pamiela argitaletxearen hainbat liburutan, batez ere poesia arlokoetan. Bere estiloa oso berezia eta erabat identifikagarria da. Potretak egiteko joera handia du, eta diogun bezala, bere inguruko lagunak hainbat lanetan agertu dira karikatura legez marrazturik; gogoangarriak dira Kadrila alegera festan da izeneko lanean eginikoak.
Enrike Urrutia Capeau idazlea ere bada. Joan den apirilean, Miel A. Elustondo eta Jose Angel Irigarayrekin batera Jururú (Pamiela) lana aurkeztu zuen Donostian. Jururú da espainolek Kuban lehenbizi jo zuten badia. Ordukoan, indioek inguruari eman zioten izenari eutsi zioten inbasoreek. Narrazio bilduman, gaur egungo Jururúko bizilagunekin bat egin du egileak, bertako arrantzaleekin harrigarriro mimetizatu da Jose Enrike Urrutia Capeau eta bere begiez ikusia, bere belarriez entzuna, izkiriatu du irakurlea espazioan eta denboran urruneko gertatzen zaigun mundura eramateraino.
Egilearen horren beste liburu batzuk honakoak dituzue: Kadrila alegera festan da (Pamiela, 1979), Izar beltzaren urtea (Pamiela, 2000), Ergelen nonbrea (Pamiela, 2006), Assilah-ko eroa (Pamiela, 2010) eta Weylerren itzala (Pamiela, 2012).
