Oroimenean izeneko erakusketa abiaturik duzue Gasteizeko Montehermoso aretoan, irailaren 18ra arte. Erakusketa Alberto Schommerren omenez antolatu da.
Argazkigintza maitasun ekintza bat da niretzat esaldiak erakusketaren muina bildu nahi du. Erakusketa honetan Schommerren Metrópolis erakusketako 7 argazki eta Gasteizko Udal Artxiboko funtsetako beste 51 argazki ikusi ahal dira. Irudiez gain, hainbat liburu eta dokumentu ere jarri dira ikusgai.
Alberto Schommer Gasteizen jaio zen, 1928an. Ikasketak amaitu ondoren, margoa, zinema eta argazkigintza interesgarri bilakatu zitzaizkion. Alberto Schommer Koch aitarekin prestakuntza egin eta gero, Hanburgo eta Parisen izan zen. Argazkigintza industrialeko lanak egin ostean, estudioa ireki zuen Madrilen. Erretratugile handia bihurtu zen eta zenbait urtez Espainiako Errege Etxearen argazkilari ofiziala izan zen.
Nazioarteko lehen erakusketa Colonian egin zuen, 1965ean, eta haren atzetik beste erakusketa ugari egin zituen, bost hamarkadatan barrena. Aipagarrienak hauek izan daitezke: Madrileko Círculo de Bellas Artes-ek 1989an antolatutako atzera begirakoa; Cascografías (1990ean); La Transición 1977-1988; Máscaras (2014an); No oculto nada (2015) eta abar.