Nontzeberri

Argazki Bileraren XXIX. edizioa, Zarautzen

Zarautzen Argazki Bileraren XXIX. edizioa egiten ari dira, eta giro horren barruan Ramon Serras Aizpurua oroitu eta omenduko dute, eta egile horren atzera-begirakoa ikusgai dago maiatzera bitartean.

Horren harira, hainbat erakusketa paratu dira bertan, Photomuseum, Sanz-Enea eta Torre Luzea aretoetan. Argazkilari geldiezina zenez, erakusketetan XIX. mendeko prozedurekin egindako argazkiak (estenopeikoak) eta bere garaikoak (cibachrome, argazki panoramikoak, polaroid-ak) ikusgai daude. Irudiotan irudi tradizionalak, hala nola, erretratua, paisaia, natura edota natura hila agertzen dira.

Zarauzko Argazkizale Elkarteko lehendakari Isabel Agirretxek honako letrak idatzi ditu aitortza moduan: “Lau hamarkada baino gehiago joan dira dagoeneko Zarauzko Argazkilari Elkartea sortu zenetik, eta, gaur-gaurkoz, guztiz finkatuta eta jardueraz beteta dagoen elkartea da; horren erakusle dira, besteak beste, erakusketak, rallya, proiekzioak, lehiaketa, ikastaroak eta Nazioarteko Mostra. Hori guztia, Elkarteak izaera didaktikoa, hezitzailea eta herrikoia izan dezan pentsatuta egin izan da; herriak herriarentzat antolatua. Eta izaera hori norbaiti aitortzekotan, Ramon Serrasi aitortu behar zaio, hark finkatu baitzituen elkartearen oinarriak, gero beste batzuek argazkilaritzarako zaletasunaz goza zezaten. Ramon izan zen Batzarreko lehenengo lehendakaria, langile nekaezin eta konprometitu moduan lan egin zuena. Beste federazio batzuekiko harremanak landu zituen, eta zer eskainia zeukan jendearen lankidetzaren bila ibili zen. Hobetzeko grinaz, asmo sendoko izaeraz, bikaintasuna izan zuen helburu ekindako proiektu guztietan.
ZAEko bazkideok asko daukagu hari eskertzeko, eta, horrexegatik, hil zen urtean, 2021. urtean, Batzarrak erabaki zuen haren proiekturik maiteena izandako Mostrak hemendik aurrera bere izena izatea: Zarauzko “Ramon Ignacio Serras” Nazioarteko Argazkilaritza Mostra. Gogoan izango zaitugu, beti.”

Exit mobile version