Nontzeberri

“Aresti eta abesti” dokumentala larunbatean ikusgai

Larunbatean, azaroaren 21ean, 19:00etan, eta Guggenheim Museoaren Auditorioan, Gorka Arresek idatzi duen gidoiari jarraituz, Juan Felipe Garces Gabilondok zuzendu duen Aresti eta abesti dokumentala pantailaratuko da. Musika Juantxo Zeberio Etxetxipiarena da.

Euskaltzaindiarentzat Digitalak enpresak ekoiztutako dokumentalak bilbotar idazlearen poesiak euskal kantagintzan utzitako arrastoaren berri eman nahi du.
Gaur egungo emakume kantarien ahotsetan ematen dira Arestiren kanta ezagunak, eta hain zuzen ere, dokumentalean agertuko dira kantatzen Josune Arakistain, Ana Arsuaga, Olaia Inziarte eta Olatz Salvador, besteak beste.

“Dokumentalak Gabriel Arestiren obra eta eragina aztertzen du, bere poesiaz gain, musikariekiko harremana eta euskara batuaren sorreran izan zuen aitzindaritza nabarmenduz. 1960 eta 1970 hamarkadan musikari berriak sortu ziren Euskal Herrian, orduan 20 eta 30 urte tartean zeuden (Laboa, Lertxundi, Lete, Lourdes Iriondo, Oskorri, Urko) eta beraietako batzuk Arestiren poemak musikatu eta abestu zituzten euskal kulturaren erreferente bihurtuz”.

Goian aipaturikoez gain dokumentalean agertzen diren kantari gazteak honako hauek dira: Amets Aranguren, Edurne Azkarate, Paul Beitia, Maider Galardi, Ane Garcia, Andoni Imaz, Kattalin Barcena eta Lide Hernando.

Exit mobile version