Nontzeberri

Araban bertsoak nonahi

2010eko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketaren lehenengo fasearen azken saioa ospatu zen Oionen martxoaren 27an, Errioxa eta Aiarako Altubepekoak taldeen artean, eta azken hauek txapeldunak suertatu ziren.
Errioxako bertsolariak Orlando Arreitunandia, Edurne Azkarate eta Endika Sarabia izan ziren, eta Aiarakoak, Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio López, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre.
Entzuteko hurbildu ziren 80 lagunak giro ederrean murgildu ziren. Bertso saioa oso alaia eta animatuta izan zen, bertsolari guztiek bere onena jarri zuten eta esan bezala, Aiarako taldea izan zen irabazlea.

Aipatu beharra dago, Arabako Bertso Sorten lehenengo lehiaketaren barruan, Amurrioko Ai Zapotxin eta Errioxa taldearen arteko leian Errioxakoak izan zirela irabazleak, beraz Amurrion apirilaren 25ean, azken finalerdian, defendatu beharko dituzte beraien bertsoak.

Beste aldetik, Aizkorak Zorroztu taldeak irabazi zuen Gasteizko Ligako azken saioa. Pasa den ostiralean Muñoko katuek eta Aizkorak zorroztu taldeek Gasteizko ligari amaiera eman zioten. Bertso ederrez giro bikaina sortarazi zen Gasteizko gaztetxean, bertara laurogeita hamar bertsozale inguru gerturaturik. Afaldu ostean, bertso sorta kolektiboen saioari eman zioten hasiera. Gaztetxea taldekoek buleria flamenko musikaz, eta Mattin tippia taldeak Gasteizko historiari buruzko diskurtsoaz, beraien bertsoekin ikuskizun polita eskaini zieten bertsozalei.

Saio aparta eskaini zuten bi taldeek. Trikitixa eta panderoaren laguntza ere izan zuten bertsolariek saioa are gehiago girotzeko. Saioa amaitzeko bertsolariek agur bana bota zuten, oraingoan Muñoko katuek agurra Aizkorak zorroztu taldeko bertsolaria den Jagobari zuzendu ziotelarik.
Saioa oso parekatua izan zen, baina talde batek irabazi behar zuenez, epaileek Aizkorak Zorroztu taldeari eman zioten garaipena bapatekoan eta Martin Ttipiari bertso sorten atalean.
Horrela, Gasteizko ligatik Kakiturri-Ehari pasatu da Aste Santuak ostean jokatuko diren finalerdietara beste ligetako Aramaio eta Aiaraldekoa Altubepekoak taldekoekin batera.

Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Exit mobile version