Bildu diren datu baikorren arabera, azken mendeetan atzerakada izan ondoren, azken hamarkadetan nabarmen hobera egin du euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide, hain zuzen, Euskaltzaindiak azaroaren 17rako antolatu duen XXII. Jagon jardunaldian.
Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek parte hartuko du. Besteak beste, Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak. Gonzalez de Viñaspreren esanetan, “Araban euskarak duen egoera izango da aztergai jardunaldi berri honetan; Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia eskainiko diegu euskarazko hedabideei”.
Jagon jardunaldia goizeko 9:30ean abiatuko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren sarrerarekin. Horren ostean, Arabako egoeraren eta bilakaeraren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatuko dira, mahai-inguru batean. Parte hartuko dute Agurtzane Ortiz de Landaluze Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak; Asier Etxenike Aztikerreko zuzendariak; eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko Kale Neurketako zuzendariak. Iñaki Martinez de Lunak egingo du moderatzaile lana. Geroago, erakundeetako euskara teknikarien txanda izango da, eta Jokin Larrañagak (Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua), Alex Vadillok (Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua), Leire Sueskunek (Errioxako Kuadrillako Euskara teknikaria) eta Manex Agirrek (Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikaria) parte hartuko dute, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain urgazlearen esanetara. 12:00etatik aurrera, Montehermosoraino hurbilduko dira Asier Lafuente (Agurainen 75 Ordu Euskaraz ekimeneko kidea), Maddalen Agirre (GEU Elkarteko teknikaria), Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria eta Lazarraga Kultur Elkarteko kidea); Pilar Ansotegi (Gutxisolo Elkarteko kidea), eta Josemi Reguero (Gasteizko IKAko arduraduna). Ane Pedruzok moderatuko du mahaia.
Azkenik, 13:00ak aldera, euskara bultzatzeko euskarazko hedabideen garrantzia azpimarratuko da. Horretan jardungo dute Alberto Barandiaran HEKIMENeko zuzendariak, Aritz Martinez de Luna ALEAko koordinatzaileak, Izar Mendiguren Aiaraldea hedabideko zuzendariak eta Jon Sanchez Hala Bedi Bi-ko kazetariak.