Oihaneder Euskararen Etxeak Arabako emakumeak lanean 1890-2000 argazki erakusketa antolatu du. Bertan, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar, Arabako emakumezkoek sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia jasotzen duten 44 irudi erakutsiko dira. Martxoaren 2tik apirilaren 2ra egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxean.
Bihar bertan, martxoak 2, 11:00etan, Ortuño aretoan komunikabideei zuzendutako prentsaurrekoa eta komunikabideentzako bisita egingo da. Beste aldetik, martxoaren 9an, 19:00etan, Emakumeak eta Lana: Harreman banaezina historian zehar izeneko hitzaldia egingo du Aritza Saenz del Castillo
Arabako emakumeak lanean izeneko argazki erakusketak, Arabako eta Gasteizko emakumeen ogibideak islatzen ditu. “Emakumea eta lana bikotea historikoki bereizezina izan da, gaur egun bada eta etorkizunean ere izango da. Horiek horrela, argazkigintzaren sorrerarekin emakumezkoen lanak eta ogibideak erretratatuak gelditu ziren”. Argazkiak hamarkadaka daude antolatuta eta argazki-sorta bakoitzean (hamarkadako 4 irudi) Arabako emakumezkoek sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia dago islatuta. Zehazki, historiako lau epealdi nagusi daude islatuta: Borboien Berrezarkuntza, II. Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa eta Demokrazia
Erakusketa, Aritza Saenz del Castillo ikerlariaren jatorrizko ideian oinarrituta eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntzarekin sortu da. Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza da.
Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako erakusketa honek emakume arabarrek lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du.