Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo eta bigarren kanporaketak asteburu honetan jokatu dira Lantenon eta Elosun.
Bi saio hauetan, Asier Otamendi eta Paula Amilburu izan dira onenak eta eurek lortu dute final-aurreetarako pasea. Datorren asteburuko azken hiru kanporaketen zain gelditu beharko dira beste bertsolariak, puntuazioaren arabera pasatzen diren 18ko taldea osatzeko.
Txapelketa Lantenon hasi zen ostiralean. Afaldu ostean hasi ziren bertsolariak kantuan. Sailkapena horrela gelditu zen: Asier Otamendi (157,5 p.), Xabi Igoa (147), Unai Mendibil (145,5), Orlando Arreitunandia (143,5), Irati Anda (142,5), Maria Izaga (128). Aipatzekoa da Maria Izagak egin zuen lan txukuna (19 urteekin bere lehengo aldia zen Arabako Bertsolari Txapelketan).
Bigarren kanporaketa, Elosun jokatu zen igandean. Epaileek emandako puntuazioa hauxe izan zen: Paula Amilburu (158, 5 p.), Iñaki Viñaspre (156 ), Rikardo Gonzalez de Durana (154,5), Xabier Lopez de Santiago (134,5), Beito Martinez (131), Maialen Saez de Okariz (121,5). Paula Amilburuk, hemeretzi urteko debutanteak, merezimendu osoz irabazi zuen saioa.
Datorren asteburuan Agurainen, Laudion eta Lantziegon jokatuko dira azkeneko kanporaketak.