Nontzeberri

“Apoaren itzala” solasaldi musikatua, Donostian

Gaur berton, Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako Apoaren itzala solasaldi musikatuaz gozatzeko aukera izango duzue, 19:30etik aurrera. Bertan bi sortzaile arituko dira: Joseba Tapia (trikitixa eta ahotsa), eta Gotzon Barandiaran (testuak).

Joseba Tapiak Apoaren edertasuna (Gaztelupeko Hotsak) diskoan musika eta literatura batu zituen aspaldi batean, 1998an. Garai hartan, sortzaile askorengan eragina izan zuen diskoa kaleratu zuen trikitilariak. Berez, Koldo Izagirrerekin elkarlanean ondutako proiektua izan zen Apoaren edertasuna, idazlearen narrazio baten gainean osatu baitzituen diskoa eta ondorengo ikuskizuna, trikitiaren eta literaturaren  magia modu finean uztarturik.
Lasarte-Oriako trikitilariaren bakarkako lehen lana izan zen, eta hark utzitako arrastoa baliatu dute Gotzon Barandiaranek eta biek ikuskizun berri bat sortzeko: Apoaren itzala.
Diskoa hura ardatz hartuta musikariak bakarka ondu duen ibilbidea errepasatuko dute, musika eta testuak hibridatzen dituen emanaldi batean. Tapia trikitixarekin  arituko da eta bere  ahotsa jarriko du, eta Gotzon Barandiaran testuez arduratuko da..

Ikuskizuna José Luis Padronekin eta Jon Obesorekin elkarlanean eta Musikeneren laguntzarekin antolatzen den Poetika zikloaren baitan egingo da.

Exit mobile version