Nontzeberri

Antzerki Sormen Laborategia, Azpeitian

Xanti Agirrezabala dinamizatzailea arduratuko da urriaren hasieran abiatuko den Antzerki Sormen Laborategiaz. Bertan matrikulatzeko epea zabalik duzue irailaren 24ra arte.

Laborategiaren helburuak honako hauek dituzue: Irudi eszenikoak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikasten hastea. Gorputza askatzea. Norberaren lotsak kudeatzen ikastea. Interpretazioaren bidez kontatzeko tresna propioak garatzea. Kontakizun propio nahiz kolektiboak gauzatzea.

Aurreko horretan oinarriturik, honela azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak: “gorputza da arte bizien muina eta arrazoia, gorputza eta honek berekin dakarren guztia: bere mugimendua, bere indarra, bere formak, bere adierak, bere kontraesanak, bere luzapenak, bere hustasunak, bere espazioak, bere bakardadeak eta bere kolektibitateak, bere ezkutukoak eta bere agerikoak. Arte bizi horien baitan biltzen dira antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta bestelako hainbat proposamen eszeniko. Adierazpide guzti hauek arte plastikoekin, ikus arteekin eta idatzizkoekin nahasten diren lekuan hausten dira oholtzaren mugak. Sormen laborategi honetan antzerkia izango da bitartekoa eta helburua. Antzerkiaren zirrikituak, moduak, arnasak eta sekretuak ikasteko bideak urratzen hastea.”

Tailerra 18 urtetik gorakoei, antzerkian lehen urratsak eman nahi dituenari, irudi eszenikoen lanketan trebatu nahi duenari, eta bakarka zein taldean sormenean murgiltzen ausartu nahi duenari begira atondu da. Hortaz, oholtzarekin, gorputzarekin, antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua laborategian, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere.

Interesa izanez gero, egin klik hemen.

Exit mobile version