Nontzeberri

Antzerki Konpainia Ez Profesionalen Mostra, Elorrion

Gaur berton, ekainak 6,  ZALE – Elorrioko I. Antzerki Konpainia Ez Profesionalen Mostra egingo da Elorrioko Arriola Antzokian. Bertan talde bik hartuko dute parte: Karrika Antzerki Taldeak eta Gilkitxaro Antzerkiak. Antzezlanen ondoren mokadua eta solasaldia egongo da Ateneon.

Durangoko Karrika Antzerki Taldeak Hurrengo Geltokia izeneko pieza egingo du. “Tentuz, mimoz, astiro-astiro dabiltza lanean jo ta fuego. Euren barruak oholtza gainean azalaratu eta euren kezka eta desira intimoenak, ezkutuan dauden horiek, kaleratzeko. Ez galdu trena! Mundiala izango da! Erraldoia!”

Beste aldetik, Ane Zabala, Aitor García de Vicuña et Galder Perez antzerkigileek osatzen duten Gilkitxaro Antzerkiak Alperrak, eta Maleanteak lana oholtzaratuko du.

Lanaren korapiloa hauxe duzue:  Pili, Mili eta Willi exiliatutako hiru inurri dira. Normalitatera bidaia egin nahi izango dute, derrigorrezko lanik ez dagoen lekura bidaia, ustezko paradisura, alegia. Baina normalitatea, formalitatea omen da, kondena. Hiru inurri hauek beti pentsatu izan dute pertsonen bizimodua demasekoa dela, idealizatuta izan dute bi hanketako ugaztun hauen unibertsoa. Baina gizakion mundura iritsi bezain pronto aurreiritzi guztiak eroriko zaizkie.

Gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egin nahi du antzezlan labur honek. Bizi dugun jendarteak produktibistak izatera behartzen gaitu, arnasa hartzeko tarterik gabe, hausnarketan erortzeko tentaziorik gabe; behartuak gaude klik azkar egin eta ezertan sakondu gabe denari erreakzionatzera.

Exit mobile version