Beasaingo eta Ordiziako Udalen arteko elkarlanari esker antolatu den Antzerki Garaia zikloak euskarazko antzerkia bultzatu nahi du bereziki. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin “antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi udaletako kultura sailek.”
Aurtengo edizioan zortzi antzezlanez gozatzeko aukera egongo da. Lehen emanaldia urtarrilaren 13an izango da, eta hitzordu horretan, Txalo Produkzioak konpainiak Sagastitarrak obra egingo du. “Sagastitarrenean –goi-burgesiako familian- alabarekin ez da giro. Ane, giza-ekintzaile feministak, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. “Patriarkatuarekin ez dugu amaituko, mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean”. Anton Sagasti, familia-buruarentzat, ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, Antonek amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu Ane, alabak, abizena aldatzeko asmotan atzera egin dezan.”
Antzerki Garaia zikloak bilduko dituen beste ikusgarriak honako hauek dituzue: urtarrilaren 20an, Itziar Ituño eta Ramon Agirre bikoteak Hobe ixilik antzezlana egingo du; otsailaren 17an, Ez naiz inoiz Dublinen izan lana ikusgai Tentazioa konpainiaren eskutik. Hurrengo astean, Ados Teatroak konpainiak Muchos amigos negros antzeztuko du. Martxoaren 17an, Hika Teatroak Toto aurkeztuko du, eta 24an, Perigallo Teatro-k Cabezas de cartel pieza.
Apirilean ere antzerkiaz gozatzeko abagunea izango da: 14an, Yerma lana La Dramatica Errantek aurkeztuta, eta 21ean, Vaiven produkzioak taldearen Familia Sarekada lana.
Beasaingo Udaleko webgunean duzue informazio guztia.
