Nontzeberri

Antzerki Arineko IX. Jardunaldiak, Bilbon

Apirilaren 1etik 24ra, Pabellón 6 Aretoan, Antzerki Arineko Jardunaldiak antolatu dira. Jardunaldietan parte hartzeko proposamen andana jaso ondoren, 16 lan aukeratu dira, 11 gazteleraz eta 5 euskaraz. Guztiak argitaratu gabeak, hau da, 16 estreinaldi absolutu.
Astebururo lau pieza ikusi ahal izango dira: 3 gazteleraz eta 1 euskaraz, asteburu batean izan ezik, 2 euskaraz eta 2 gazteleraz.

Ikuskizunak Pabellón 6 Aretoan eskainiko dira, eta emanaldiak ostiral eta larunbat arratsaldeetan (19:30etik aurrera) eta igandeetan (saio bikoitza), goizez (12:00etatik aurrera) eta arratsaldez (19:00etatik aurrera) izango dira.

Aurreko edizioetan bezala, Jardunaldiak Pabellón 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak sustatzen ditu, Bilboko Udaleko Kultura Arloaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Café Bilbao / Tartean Teatroaren eta Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren laguntzarekin.

Aurten ere sari hauek banatuko dira: Alex Angulo Saria muntaia onenari (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren diru-laguntzarekin), Kriselu Saria euskarazko lan onenari (Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin), Café Bar Bilbao-Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezle Onenaren Saria Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren eskutik, eta Publikoaren Saria.

Antzezlanen gaineko informazio guztia hemen eskuratu ahal duzue.

Exit mobile version