Bilboko Pabilioi 6 (P6) aretoak Antzerki arina programaren bosgarren edizioa abiatuko du bihar. Hala, maiatzaren 28ra arte, gehienez 20 minutuko iraupena duten lanak taularatuko dira. Guztira, 15 antzezlan inguru izango dira.
P6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak bultzatutako eta Bilboko Udalaren Kultura Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Café Bilbao/Tartean Teatroak eta P6 antzerki laborategiak lagundutako jardunaldiak dira.
Hauexek dira jardunaldiotan banatuko diren sari nagusiak: Alex Angulo Antzerki Arineko Saria, obra onenarentzako 3.000 euro; Kriselu Saria, euskarazko muntaiarik onenarentzako 3.000 euro; Café Bar Bilbao Produkziorako Sari Berezia, Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko testuen lehiaketako saridunen artean (edozein urtetakoa), lan bat aukeratuko da taularatua izan dadin; Antzezle Onenaren Saria, 600 euro; eta, azkenik, Ikusleen Saria, diru saririk gabeko ohorezko saria.
Bihar, hasteko, Ganba alaia 2.0 eta Ez gaituzte martir bihurtuko lanak taularatuko dira, 20:30etik aurrera. Horiekin batera, Toquecito Minus lana ere ikusi ahalko da, ikuskizun gonbidatu gisa. Larunbatean eta igandean, halaber, lan labur hauek antzeztuko dira: Herodes eta El Elefante y la Paloma. Baina horiez gain, Toquecito Minus eta Ez gaituzte martir bihurtuko ikusteko aukera ere izango da.
Obrak laburrak diren aldetik, behin baino gehiagotan antzeztuko dira egun berean.
Antolatzaileek eskuliburua eta egutegia jarri dituzte sarean.