Igor Elortza Aranoa (ahotsa), Rafa Rueda Etxebarria (gitarra, baxua, teklatuak eta ahotsa) eta Matxalen Erzilla Etxegibel (txeloa eta ahotsak) hirukoteak gauzatu dute Anonyme Popular proiektuaren bigarren proposamena: #2 Inor.
Sortzaileek honela deskribatu dute: “Lehenengo lanarekin 40 emanaldi egin eta bi urte eta erdi geroago, Anonyme Popular proiektuak bigarren proposamena dakar: #2 Inor. Aurreko ildoari jarraituz, gaurko munduko hiritar euskaldunaren egunerokoa kontatzera dator berriz ere Inor. Anonyme Popular ahozko kultura garaikidea lantzen duen talde-egitasmoa da. Hitza eta ahotsa ditu ardatz, eta, hainbat artistarekin elkarlanean, adierazpide, euskarri eta kanal ugaritan garatzen da: musika, grafismoa, ikus-entzunezkoak, oholtza, disko-liburua, plataforma digitalak eta abar. Spoken wordean zein kantuan dabil Inor, hitzen arabera aukeratuz hip hop, funk, pop eta bestelako erritmoak, bere kantak musika modernoarekin eta konponketa dotoreekin uztartuz”
Lehen zuzenekoa Elorrioko Arriola Antzokian izango da urtarrilaren 22an. Gero, Oñati, Iruñea, Hernani, Tolosa, Aretxabaleta, Bilbo, Laudio eta Durango bisitatuko ditu proiektuak. Entzun nahi baduzue egin klik hemen.
