Michael Rowe zinegileak zuzenduriko Año Bisiesto (Mexiko, 2010) filma proiektatuko du gaur Bilboko Fas zineklubak Indautxu Plazan dagoen El Carmen aretoan, 19:45ean.
Ekoizpen mexikar hau erotismoz beteriko lana da, filma bera iragartzen duen kartel esplizituari begiratzea baino ez dago. Izan ere, sadomasokismoaren gaia jorratzen du, besteak beste. Cannesko zinemaldian aurkeztu zuten 2010. urtean eta Urrezko Kamera saria jaso zuen.
Laura, Oaxacako neska gazte baten istorioa kontatzen du filmak. Neskak hiriburura joko du, eta apartamentu txiki batean bizitzen hasiko da, eta lantzean behin maitaleren batekin oheratuko da. Egun batean, baina, Arturo ezagutuko du, eta harekin masokismoa zer den deskubrituko du.
Año Bisiesto arrisku handiko proposamena da, ausarta eta deserosoa.