Animedon. Donostiako Anime Topaketa egingo da aurtengo urriaren 25etik azaroaren 1era arte luzatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan. Bere lehen edizioak Tabakaleraren, FNACen, EITBren eta Japan Foundationen laguntza berezia izango du.
Animedon sail berri hori inauguratuko da animazio japoniarraren zaleei keinua egiteko, izan ere, jaialdiak “askotan zinema mota horren ezaugarri adierazgarrienak eta erakargarrienak programatu izan ditu”. Hortaz, betiko filmez gain, programazioak jarduera paraleloak izango ditu, eta tartean, ”animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak”.
Ekimen berriak “gazteei egiten die gonbidapena estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten. Animedonen programatutako film luzeak ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, Astean gertatzen den bezala, baizik eta eskaintza tematiko zabalagoa izango dute”.
Animedonen lehen edizioak Dragoi Bola telesaila goraipatuko du urriaren 20an, eta Akira Toriyama ere bai (aurtengo martxoan zendu zen, 68 urte zituela). Egun horretan, Antzoki Zaharrean, Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bolaren euskarazko bikoizleei. Eta sortzaile japoniarraren inguruko bi erakusketa ere antolatu dira. Bertan, 26 ilustratzaileren lana erakutsiko da.
Jakingarri guztiak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak dauzka.
