Nontzeberri

“Anfetamiña”, Alberto Gonzalezen “Muga” proiektuaren disko berria kalean

Xabier Montoiaren Anfetamiña (Susa, 1983) poesia liburuari musika jarri dio Alberto Gonzalez euskal musikari beteranoak. Muga da bere azken proiektua, duela bi urte, Montoiaren liburua musikatzeko jaiotakoa. Horregatik, Gaztelupe Hotsak disko etxearen eskutik kaleratu berri duen lanak ere izen bera darama: Anfetamiña.

Sex Pistolsi eskainita dago liburua eta punk giroa Euskal Herrira zabaltzen ari zen garaian idatzi zituen Gasteizko idazleak olerkiak. Ondorioz, musikatik asko dute, rock&roletik batez ere, eta drogei eta sexuari buruzko erreferentziak ere ugari dira liburu osoan. Rockaren kultura euskal poesiara ekarri zuen estreinakoz Montoiak.  Alberto Gonzalezek (Elgoibar, 1973) beraz, rockaren hizkuntza eta estetikara egokitu du azken lan hau, rockaren kultura hori literaturatik musikara ekarrita.

Iraupen laburreko zortzi abesti biltzen ditu eta estilo ezberdinak jorratzen ditu bertan. Badira rock alternatiboko kantak, eragin velvetiarrak dituztenak, pop estilotik jotzen dutenak, edota  giro anbientaletik egiten dutenak. Gainera,  Montoiaren liburuko Batzuentzat poema ezagunenari, Fermin Muguruzak jarri dio ahotsa.

Esan daiteke, lehen disko honetan, soinu ilunaren aldeko apustua egin duela Mugak, Montoiak lehen pertsonan idatzitako maitasun minezko poemei darien giroa egoki islatzen duena.

Bilboko rock alternatiboko eszenan ezagunak diren bi musikari dira taldean: Iñigo Romera baxu jolea (Cancer Moon, Los Clavos, Cujo, El Inquilino Comunista, Basurita…) eta Iñigo Egillor bateria jolea (Gringo Arana, Billy Bao…). Bi hauei Itziar Beristain abeslaria elkartu zitzaien eta  ohiko rock taldearen moldea gainditu eta proiektu multidiziplinar bat osatu dute Alberto Gonzalez (6nemen9, Uler-600 eta Aterking) musikariarekin batera.

Euskal Herriko rock eszenarekin harreman estua duen J.A. Areta Goñi Juxe argazkilaria arduratu da proiektuaren alderdi bisuala zaintzeaz, musika eta hitzekin batera, garrantzia handia duenaz.

Diskoaren informazio osoa duzue, hotsak.com web atarian.

Exit mobile version