Bilbaoarte zentroak Andrey Zvyagintsev (1964, Errusia) zine-zuzendari errusiarraren inguruko zikloa ondu du hil honetan. Guztira, hiru film pantailaratuko dira; lehena bihar aurkeztuko dute: Vozvrashchenie (2003), 19:00etatik aurrera.
Vozvrashchenie (Itzulera) filmak bi anaien bizitza biltzen du. Bat-batean, aita agertuko da, zeina argazki zahar baten bidez baino ez duten gogoratzen. Benetan da haien aita? Zergatik itzuli da? Anaiek erantzunak aurkituko dituzte Siberiara egindako bidaia batean, irla bakarti baina eder batera egindako bidean. Zinegile errusiarraren lehendabiziko lana da, eta Veneziako jaialdian Urrezko Lehoiaren saria jaso zuen.
Otsailaren 11n, halaber, Elena (2011) pelikula pantailaratuko dute. Familia baten istorioa kontatzen du: senar-emazte nagusiak eta seme alkoholikoa. Adikzio horren ondorioz, familia pobretu egingo da.
Azkenik, otsailaren 18an, Leviathan (2014) izango da ikusgai. Filmak mozkortiek eta deprimitutako gizonek agindutako Errusia erakusten du. Hainbat sari jaso ditu, tartean, Cannes zine-jaialdiko 2014ko gidoi hoberenaren saria, eta Urrezko Globoa atzerriko film hoberenarena.