Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak Bidaia literatura: Kazetari mantso baten arrazoiak eta aitzakiak hitzaldia egingo du gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegian. Horrezaz gain, bestelako hitzorduak programatu dituzte bertan hil honetarako.
Hala, apirilaren 19an, Asier Serrano idazleak Sormenaren geografiara itzulera izeneko hitzaldia egingo du. Euskal idazle eta musikariak literaturan ia genero guztiak ukitu ditu eta musikagintzan Lorelei taldeko gidaria izan da. Poesia da azken aldian gehien jorratu duen diziplina,eta bereak dira Bada hiri gorri bat, Picassoren zaldia, Hiri gorritik, Desterratuen piztiarioa, Ate osteko itzalak, Denen mina da nirea edota Linbotarrak lanak.
Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunaren jardueren barruan, Seve Callejak Julene Azpeitia: Amandriaren Altzoan / En El Regazo de la Abuela izeneko lana aurkeztuko du. Egun horretan ere, Beste mundu bat guztion artean ipuin kontaketa izango da. Hiru eta hamar urte bitarteko haurrei zuzendutako saio honetan, haurren eskubideak landuko dira Autu Mautu konpainiaren eskutik.
Hil honetan ere, Liburuei Esker izeneko tailerrean (maiatzaren 4tik 25era) izena emateko epea zabaldu da (apirilaren 3tik 27ra).
Datu guztiak hemen eskuratu ahal dituzue.
