Ander Berrojalbizek sortutako erakusketa da Anbotoko Herejeak, apirilaren 8tik maiatzaren 31ra ikusi ahal izango dena Durangoko Arte eta Historia Museoan. Bihar, 19:00etan, inaugurazioa izango da, Khantoria taldearen musikarekin.
Museoak berak luzatu digun oharraren arabera, “XV. mendearen erdialdera Durangon mugimendu erlijioso heterodoxo bat agertu zen, izaera milenarista zuena eta Durangoko herejeak bezala ezagutzen zena. Sekta honetako heresiarka bezala Alonso (edo Alfonso) de Mella eta Gillen de Albesa frantziskotarrak nabarmentzen dira. Mugimendu honen aurkako errepresioak, 1441 eta 1454 urteen artean agintaritza zibilaren zein eliz agintaritzaren esanetara burutu zena, hirurogeita hamar pertsona baino gehiagoren erreketa suposatu zuen; dena den, ez zen mende erdi ere igaro sutzarrak berriz piztu ziren arte”.
Atzo bertan aurkeztu zuen Ander Berrojalbizek izen bereko lana Los herejes de Amboto. Luteranos en el año 1500. Lan hori, apirilaren 22an, 19:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan aurkeztuko da berriz.