Bes-Te-Bat! ikusgarrien zikloaren barruan, Elorrioko Arriola Antzokian, Amorante eta Reykjavik606 taldeek kontzertua eskainiko dute gaur, urtarrilak 5, 18:00etatik aurrera.
Amorante izenaren atzean Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikaria dago. Urizar Euskal Herriko musika esperimentalaren eta inprobisazio librearen eszenarekin lotuta dago, Bizarra edo Mengele quartet, popa edo rocka bezalako proiektuetan Joseba Irazoki edo Rafa Ruedaren bandetako kide gisa ibilia, edo folkean Joseba Tapia musikariarekin batera. Amorantek makina bat instrumentu erabiltzen ditu, gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta perkusio tramankuluak; eta looper bat darabil soinu horiek guztiak nahasteko.
Duela gutxi, Amorantek Bat edo Hiru izeneko disko berria kaleratu du. Zazpi kantuk osatzen duten disko beltza da, iluna eta era berean, tristeziaren edertasuna dario diskoari. Iluntasuna hitzetan sumatu daiteke eta aukeratutako tresnak eta estetikak eragin zuzena izan dute diskoaren izaera ilun hori nabarmentzen.
Beste aldetik, Kino Internacional eta Borja Piñero dira Reykjavik606. Musika tresna klasikoen (pianoa, saxoa, bateria, hariak) eta sintetizadore polifoniko eta modularren mestizajea, jazza eta atmosfera elektronikoak sortzen dituzte, beti ere, giro malenkoniatsua, narkotikoa eta zinematografikoa sortzeko helburuz.