Nontzeberri

Amazoniaren oihana Bilbon

Omar Rodríguez da Silva, Bilbao Arte Fundazioaren artista gonbidatua izango da apirilaren 3tik 11ra arte, eta tarte horretan, bere pinturak erakutsiko ditu Amazonas Bilbon izeneko erakusketan.

Amazoniaren erdian, Peru eta Brasilekiko mugatik hurbil dagoen Leticia hirian (Kolonbia) 1968an jaiotako tikuna indigena hau, bere burua egin duen artista plastikoa da.
Ikusgai eta salgai jarriko dituen lanetako asko Bilbao Arten azken hilabeteotan egindako lanaren emaitza dira, eta bertan jarraituko du uztaila arte.
Bere lanak, paisaia amazonikoak dira, Amazoniako flora eta faunaren edertasuna errealismo paregabeaz islatzen duten paisaiak. Bertan, zuhaitzak, guakamaioak, pirañak edo tukanak zehaztasun ikaragarriz daude pintatuta. Bizirik direla ematen du, uki daitezkeela. Tamaina txiki eta ertaineko koadroak dira, Omarrek sorleku izan zuen oihana babesteko asmoz pintatutakoak.

Artistak, 6 koadro handi ere ekarri zituen Bilbora, Kolonbiako Kongresuan ikusgai egon zen Amazorinoquia izenburuko sailari dagozkionak, eta horiek ere erakusketan ikusi ahal izango dira.

“Herri indigenak gara oihanaren babesleak, beti zaindu izan dugu, baina ahaztuta bizi gara eta bizirik iraun nahi dugu”, azaldu du Omar Rodriguezek.

Exit mobile version