Datorren urteko apirilaren 12ra arte, San Telmo Museoan ikusgai izango den erakusketan Amazoniako komunitate indigenen aberastasun naturala eta kulturala ikusi ahalko da, eta era berean, “bertako ahotsak aldarrikatzen ditu, artea, pentsamendua, zientzia edo aktibismoa oinarri hartuta, naturarekin bizitzeko, hazteko eta erlazionatzeko beste modu batzuk planteatzen dituztenak”.
Ekimenaren antolatzaileek ondo baino hobeto definitu dute Amazonia: “Amazonia unibertso konplexua da, bederatzi herrialde dira haren parte, eta kolonizazio-prozesuetan ezarritako mugak dituzte, jatorrizko lurraldeekin bat ez datozenak. Ezinezkoa da Amazonia bakar batez hitz egitea: hortik dator, hain zuzen ere, izenburuaren plurala, kontzeptu monolitiko bakar batera mugatu ezinezko errealitatea osatzen duten erresistentzia-moldeen aniztasun osoa islatu nahian.”
Amazoniatik sortutako proiektua da hau, “ artisten, aktibisten, pentsalarien, historialarien, antropologoen, arkeologoen, zinemagileen eta kuradoreen ahotsak eta ekintzak oinarri hartuta”. Eskualde horren oroimena eta oraina dekolonizatzen saiatzeko, zalantzan jarri behar dira orain arte mendebaldeko arrazoimenaren hierarkia mugiezinak, munduaren erdialdetik azaleratzen den milaka urteko jakinduria hori txertatzeko. Agian ez da berandu izango indigenen ezagutzaren eta pentsamendu zientifikoaren artean elkarrizketa irekia imajinatzeko.
Bertan erakusten diren obrak Lalo de Almeida, Alberto César Aráujo, Ashuco, Higinio Bautista, Rafa Bqueer, Luiz Braga, Sérgio Carvalho, CEA, Chicha ADS, Coletivo Água, Rosalba Cuelo, Paulo Desana, Estúdio Bijari, Laíza Ferreira, Nicola Ókin Frioli, Yefferson Huamán, Karl Joseph, Emi Kondo, eta beste artista askorenak dira.
