2025eko maiatzaren 4ra bitartean, Bilboko Berreginen Museoan, Ama izeneko erakusketa izango da ikusgai. Amatasunaz hitz egiten duen erakusketa da, seme-alaben oroitzapenetatik sortzen dena eta arte mota ezberdinak nahasten dituena. Piezak Jose Pablo Arriaga eskultoreak egin ditu.
Erakusketa lankidetza bikoitzari esker burutu da. Alde batetik, Jose Pablo Arriaga artistak bere amaz dituen oroitzapenetatik abiatuta sortu dituen eskulturak ditu. Bestetik, erakusketak Euskal Museoaren bildumako hainbat pieza erakutsiko ditu, amatasunarekin lotutako oroitzapenak eta gaiak gogora ekartzen dituztenak. Eta bi mundu horiek Bilboko Berreginen Museoko bildumaren zati batekin nahastuko dira Bizkaiko erakundean orain arte inoiz ikusi ez den diziplina anitzeko erakusketa sortuz.
Jose Pablo Arriaga artistak bere amari artearen bidez omenaldi bat egin nahi dio, eta seme-alaben oroitzapenak, memoria, irudiak, usainak, zaporeak, sentsazioak… horiek guztiek osatzen dute Ama erakusketa.
antolatzaileek esan duten moduan: “Obra hauek haurdunaldiaren besarkadarik beroenetik gure ama nagusien zaintzara arteko historia kontatzen dute. Ama izateak esan nahi duenaz hitz egiten dute, gatazkei aurre egitetik hasi eta biologikoki ama izan gabe amatasunaren rola benetako maitasunez onartzeraino. Baina bere eskulturak ez daude bakarrik. Berreginen Museoan ad hoc instalatuta formak, istorioak eta esentziak partekatzen dituzte beste hainbat lanekin. Horietako batzuk Euskal Museokoak dira. Arriagaren baserria eta negutegiak bezala, pieza hauek gure iraganaren, gure bizipenen, gure tradizioen parte dira eta, jakina, amak ekartzen dituzte gogora. Eta azkenik, zuria zuriarekin ehunduz, obra horien guztien artean Berreginen Museoko estatuak altxatzen dira. Itsasargiak balira bezala jendea beste garai batzuetara eramaten dute eta amatasunaren ideia oroimenera ekartzeko modua zein gutxi aldatu den gogorarazten digute”.