Nontzeberri

Amancay Gaztañagak “Martin Martina” trilogia argitaratuko du

Amancay Gaztañagak abentura eta fantasia uztartzen dituen trilogia baten lehen izenburua argitaratu du, Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa (Elkar) izenburupean.

Trilogiak pertsonaia intersexual bat du protagonista. Egileak “ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi du erdigunera, baita ingurumenaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa ere. Mitologia edo erlijioek leku berezia dute proiektu honetan. Izan ere, kristautasunari edo onarpen ofiziala duten sistemei bakarrik aitortzen zaie erlijio maila, eta mitologia deitzen zaio baztertua den bertako sistemari.”
Idazleak gure mitologiaren, gure antzinako erlijioaren eta iruditeriaren ezagutzak euren heziketan izan dezakeen garrantzia nabarmendu nahi izan du.

Lehen lan horretan Martin Martina protagonistaren unibertsoa eraikitzen da eta, aldi berean, trilogiaren parte izango diren pertsonaia nagusien berri ematen da.
Bigarren lana abenduan agertuko da, Martin Martina eta sorginen batzarra. “Haurtzarotik nerabezarora eta nerabezarotik helduen mundura pasatzean bizi diren beldurrei buruzko metafora bat da istorioa, haurra izateari uzten zaionean bizitzen doluaren metafora”.

Azkenik, Martin Martina eta gauekoak lana 2025eko udaberrian izango da kalean. Aurreneko liburuan abiatutako trama luzeari irtenbidea emango zaio. “Natura zaintzearen beharrari buruz hitz egiten da eta gure kultura ongi gorde behar den altxorra dela gogorarazten digu eleberriak. Guraso presenteak izatearen garrantzia ere nabarmenduko da.”

Idazleak LUMAFest! jaialdiaren hirugarren edizioan parte hartuko du ostegun honetan, 19:15ean, Santa Teresa Komentuan, Koldo Mitxelena Kulturunearen eskutik.

Exit mobile version