Profilak (Mugetan barrena) da Amaia Iturbide poeta bilbotarraren azken lana, Erein argitaletxeak kaleratu duena.
Amaia Iturbide (Bilbo, 1961) poema liburu asko kaleratu ditu bere ibilbidean, tartean, Eskaileraren bi aldeetan, Itzulbidea, Gelak eta zelaiak, Labirintoaren orduak, Eszenatokietako aztarnak hasten direnean, Dorrearen eta penduluaren arteko ituna, eta Isiltasunaren ildoetan.
Aspalditik publikatu gabe egon da, baina orain, Profilak (Mugetan barrena) dakar. Hala deskribatu du lana: “Profil” hitz polisemikoa albotik ikusitako gorputzaz edota pertsona zein pertsonaia baten ezaugarriez aritzeaz gain, arte, teknologia eta geometriari, gizarte zein hizkuntza gaiei lotuta dago. “Muga” hitzari dagokionez, poema liburu honetan denetariko mugak (mugarriak, mugaldeak, zerumugak, lerroak) eta mugako egoerak agertzen dira. Bestaldetik, muga kontzeptu filosofiko konplexu horietariko bat dugu, artea ulertzeko ezinbestekoa.
Ezpatatik tenplatutako altzairuzko ametsa ateratzen da
emaro-emaro,
gezitik, bizitzaren soldadu izan nahi duen giza irudia,
maskaratik, zutargi gisara biderkatutako
gazteluko zaindaria,
ezkututik, trostan dabilen bihotza,
aiztotik, ezpain erabakiorra.
Eta eguneroko zurezko koilaratik, ahoari egokitutako
metal zaporeko bakardadea.
