Nontzeberri

Ama Say lan berriarekin itzuli da

Ama Say-ko taldekide guztiak agertu dira gaur Bilbon egin duten agerraldian. Bertan Ren Fan lana aurkeztu dute, "17 urte igaro dira gure azken diskoa grabatu genuenetik", esan du Gontzal Bilbao bateria jotzaileak. Taldekideez gain, Carlos Txap Osinaga, eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariak ere izan dira aurkezpenean, diskoaren grabazioak parte hartu baitute.

Ren Fan izenburuaren harira, Bilbaok esan du Ren horrek azpian dagoen guztia aipatzen duela, eta Fan-ek gainean dagoen guztia. Hala ere, taldearen izena eta diskoaren izenburua elkartuz Ama Sayren fan ere irakur daiteke. "Gorabeherak izan ditugu grabatzeko, zaila izan baita, baina pozik gaude", azaldu du bateria jotzaileak, poztasun hori, gainera, agerikoa zen mahaian zeunden guztien irribarretan, tartean, Bonberenea Sutan zigiluaren ordezkariarenean ere, zeinak diskoa argitaratu duen.

Musikari dagokionez, taldearen ohiko soinuari jarraitzen dio, alegia aldaketa handirik ez da sumatzen. Esaterako, Pixies taldearen itzalak bere horretan darrai, eta oraindik euskara eta ingelesa uztartzen dute, tarte melodiatsu eta biziagoen artean. "Aldaketak izango dira,
egun 40 urte eta haurrak baititugu", azaldu du bateriak. "Heldutasun hori nabaritzen da kantuetan", gaineratu du Bonbereneako ordezkariak. Nolanahi ere, rock haien bizitza dela azpimarratu dute, "bizitzaren filtroa".

Disko hau lagun artekoa da eta oraintsu eskainitako kontzertuek piztu dute bere txinparta. "Tentsioa eta indarra jartzen dugu egiten dugun guztian. Lagunen arteko lana da, txikien artean eginikoa, gu ere txikiak baikara, baina txikien artean zerbait gogorra eta handia ere egin daiteke", azaldu du Bilbaok.

Taldearen publikoa Gipuzkoakoa dela umoretsu esan ondoren, hasteko lau aurkezpen kontzertu eskainiko dituztela iragarri dute, "lau jai izango dira, lau opari, eta Maite Mursergo-k eta Txap-ek ere parte hartuko dute". Hala, abenduaren 18an Gasteizen zango dira Jimmy Jazz aretoan Berako Borrokan taldearekin batera; 2011ko urtarrilaren 29an Durangoko Plateruenan; otsailaren 10ean Bilboko Kafe Antzokian; eta laugarrena Tolosako Bonberenean, -data oraindik zehazteke dago-. Bosgarren kontzertu bat ere izango Iruñean, baina oraindik lotu gabe dago.

Nontzeberri

Exit mobile version