Nontzeberri

Altsasun jokatuko da NBTXko lehen finalaurrekoa

Urriaren 7an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta Iruritan, eta Vianan, Uharten eta Leitzan saioak egin ostean, Altsasun finalaurrekoen fasea hasi egingo da. Saioan, 17:30ean hasita, sei bertsolari arituko dira kantuan: Sarai Robles Vitas, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar eta Patxi Castillo Graciarena.

Finalari begira jarriko dira bertsolariok, izan ere, saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko Iruñeko finalera. Eta besteek finalaurrekoen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatu diren ala ez jakiteko.
Altsasukoaz gain, beste bi finalaurreko antolatuko dira: azaroaren 11an Agoitzen, eta 19an Lesakan. Fase horretan arituko diren 18 bertsolarietatik zortzik eskuratuko dute finalerako txartela.

Antolatzaileek berritasun bat ezarri dute: orain arteko ohiko ariketez gain, berri bati ere heldu beharko diote bertsolariek fase berri honetan. Izan ere, zortziko handiko, zortziko txikiko eta hamarreko txikiko ariketei, puntukako ariketa ere gehituko zaie, bikoteka, zortzi bertso osatu bitarte. Ganbarako ariketan, aldiz, bakarka aritu beharko dute, gaia emanda nahi den doinu eta neurrian hiru bertso kantatuz.

Exit mobile version