Nontzeberri

“Alt Sessions” kontzertuen jaialdia egingo da Bermeon

Gasteizko Ibu Hots tabernan, Donostiako Le Bukowski klubean, eta Bermeoko Beleza Malandra ateneo kulturalean egin ohi dira Alt Sessions izeneko kontzertuak. Kontzertuz beteriko ikasturte honi amaiera emateko, maiatzaren 10ean jaialdi handia ondu dute Bermeoko Kafe Antzokian.

Euskal Herriko eta atzerriko taldek joko dute: Donostiako Screamin’ Targets; Berako Joseba Irazoki; Australia eta Zeelanda Berriko Pete Ross & Sapphire; Frantziako King Automatic; eta, azkenik; Belgikako The Experimental Tropic Blues Band.

Screamin’ Targets laukote donostiarrek power-pop eta rockabilly doinuak jotzen dituzte. Irazoki nafarra, berriz, gizon orkestra formatuan aritzen da azken boladan. King Automatic frantziarra ere one man band ezaguna da, eta askotariko soinuak uztartzen ditu, hala nola, noise, rocksteady, rhythm and blues eta rock and rolla.

The Experimental Tropic Blues Band belgikarren azken diskoa Jon Spencer musikari estatubatuar ezagunak ekoitzi du. Hortaz, belgikarren proposamenak ekarriko dituen osagaiak erraz zerrenda daitezke: rock-and-roll zaharra, blues lokaztua, punk-rock oldarkorra eta rockabilly primitiboa.

Azkenik, Antipodetatik datozen Pete Ross & Sapphire bikoteak herrikide duten Nick Cave musikariaren esparru bertsuan aritzen dira. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, “euren kantek edertasun hipnotikoko giroak gogoratzen dituzte, zoritxar, sinesgaiztasun eta atsekabeko istorioak kontatzeko. Country rock gotiko erromantikoa egiten dute”. Jarrain bideo bat ikusteko eta entzuteko aukera daukazue:

Exit mobile version