Nontzeberri

Alper tunanteak ikusiko ditugu Abenduan

Gilkitxaro antzerki taldea Euskal Herriko hainbat tokitan izango da abenduan, Alperrak, Tunanteak, Maleanteak piezarekin. Hala, abenduaren 7an Durango, 12an Lesaka, 26an Larrabetzu, eta 30ean Lemoa bisitatuko ditu taldeak.

Bilboko Lautan Hiru Jaialdiaren laguntza jaso zuen lan horrek eta bertan estreinatu zuten. Memorian eta historian arakatuz, gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egiten duen komedia da Alperrak, tunanteak eta maleanteak.

Lanaren korapiloa hauxe duzue:  Pili, Mili eta Willi exiliatutako hiru inurri dira. Normalitatera bidaia egin nahi izango dute, derrigorrezko lanik ez dagoen lekura bidaia, ustezko paradisura, alegia. Baina normalitatea, formalitatea omen da, kondena. Hiru inurri hauek beti pentsatu izan dute pertsonen bizimodua demasekoa dela, idealizatuta izan dute bi hanketako ugaztun hauen unibertsoa. Baina gizakion mundura iritsi bezain pronto aurreiritzi guztiak eroriko zaizkie.

“Bizi dugun jendarteak produktibistak izatera behartzen gaitu, arnasa hartzeko tarterik gabe, hausnarketan erortzeko tentaziorik gabe; behartuak gaude klik azkar egin eta ezertan sakondu gabe denari erreakzionatzera”.

Exit mobile version