Nontzeberri

Alicia Otxandategi: “Arte eszenikoetan krisia aspaldikoa da”

Iragan urriaren 23tik azaroaren 3ra bitarte, BAD Bilbao Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren azken edizioa burutu zen. Edizio arrakastatsu horren harira, Alicia Otxandategi jaialdiaren zuzendariarekin hitz egin dugu.

Horretaz gain, BAD-en antolakuntzarekin lotutako kontuez ere galdetu diogu: “Urte osoko lana da; urte bateko jaialdia amaitzen denerako, hurrengokoan pentsatzen ari zara. (…)Ezinbestekoa da ere, bestelako kultur egiturekin elkarlanak lortzea”.

BAD bezalako eszenarako munstroa zelan egituratzen da? Nola prestatzen da?

Galdera zaila erantzuteko. Egia esan lan asko eta ezberdinak egituratzen dute  jaialdi baten programazioa. Urte osoko lana da; urte bateko jaialdia amaitzen denerako, hurrengokoan pentsatzen ari zara. Hasteko , bertoko, estatu eta nazioarteko mailako lanak ezagutu eta aztertzeko unea dago; jaialdi eta eszena berriaren munduko egiturekin harremanetan egon; eta, azkenik, aurkezten diren ehunka proiektuak aztertu eta aukeratu. Ez da lan erreza , lan eta proiektu asko aurkezten baitira Jaialdirako; izan ere , BAD jaialdiak badu bere lekua nazio eta nazioarteko eszena munduan, eta gero eta konpainia, sortzaile eta artista gehiagok jotzen du atera. Horrez gain, bertoko eta kanpoko lanen arteko oreka mantendu beharra dago , baita diziplina ezberdinena ere, programazio anitza , orekatua eta kalitatezkoa izan dadin, eta bide batez publiko ezberdinetara heltzeko .

Ezinbestekoa da ere, bestelako kultur egiturekin elkarlanak lortzea; aurten egin dugun bezala, Consonni, Zinebi, ADDE , Guggenheim edo Arriagarekin, besteak beste. Bestalde, koprodukzioak  zein erabateko estreinaldiak kontu handiz aukeratu beharra dago, eta horrek urte osoko jarraipena behar du. Espazioei dagokionez, lanak antzezteko leku aproposak aukeratu behar dira, eta guzti hori denboraz aztertu behar da ere. Pieza asko dituen puzzlea osatu behar da; estreinaldiak, Euskal herrian ikusi ez diren lanak erakusteko aukerak, espazioak , lankidetza interesgarriak lortu, publikoa erakartzeko moduak bilatu, Jaialdia Euskal Herrian bertan eta kanpoan ikusgarri egitea…..

Barne egituraketa konplexua behar du jaialdiaren prestaketak. Hasieran esan dudan moduan, jaialdian bertan hurrengo ediziorako harremanak prestatzen hasten dira. Jaialdiaren balorazioarekin batera hasten da hurrengoa prestatzen

Zein irizpide erabiltzen dira lan bat abangoardiako edota urratzailea dela jakiteko, ohiko eszenaren proposamenekin konparatuz?

Hasteko, bizirik dauden egileen lanak izan behar dira. Gainera, eszena eta lengoaia ezberdinekin ari diren artista eta sortzaileen lanak izaten dira, eta haietan dramaturgia berriak, eszenaratzeko modu berritzaileak eta ezohikoak , diziplina anitzen nahastea eta esperientzia berriak dira nagusi. Abangoardiako pieza eszenikoetan narratibitate lineala kontuan ez hartzeko joera orokorra dago. Abangoardiko arteetan ekintza batzuk ez daude progresio baten barruan, baina beren baitan hasitako asoziazio intelektual edo emozional batzuetan oinarritutako lotura bat dute. Ekintza horietan kausa-efektu diren gertaeren katearekiko independentea den esanahi baten bitartez daude lotuta elementuak.

Espazioen transgresioarekin ere asko jokatzen da bertan, pribatutasuna eta publikoa, estruktura minimoak, kalea eta jendea…

Bai, hori da izan ere abangoardiako arte eszenikoen ezaugarrietako bat, ezohiko espazioen aukeraketa eta ikuslearekiko hurbiltasuna. Ikuslea bera lanaren parte-hartzaile gisa ikusten da, eta askotan intimitatea bilatzen duten lanak izaten dira, sortzailea eta ikuslearen arteko intimitatea eta konplizitatea bilatzen dutenak.

Artisten erresidentziak ere lantzen dituzue. Zeintzuk dira horiek gidatzeko prozedurak? Zein irizpide erabiltzen da artista lokal bat edo beste bat aukeratzeko orduan?

Aurten Artistak Egoitzan programaren 5.edizioa sustatu dugu. Programaren helburu nagusia arte eszenikoen esparruan ikerketa eta berrikuntza sustatzea da. Lehenengo hiru edizioetan 5 beka ematen ziren, horietako 2 gutxienez Euskal Herriko artista eta konpainientzat, eta beste hirurak estatu edo nazioartekoentzat. Azken bi urteotan 4 beka eman dira eta beka guztiak Euskal Herriko sortzaileentzat izan dira. Horien artean, beka bat gutxienez euskarazko lan bat egiteko izan behar da. Egia esan, oso programa interesgarria da arte eszenikoetan ikertzen eta sortzen ari diren artista eta konpainia berrientzat, lana sortzeko lekua eta baliabideak eskaintzen dizkiegulako, baita adituekin elkar trukeak egiteko aukera eman ere. Horrez gain, BAD Jaialdian publikoaren aurrean erakutsi eta lanaren nondik norakoak beraiekin elkartrukatu ahal dituzte, Jaialdian lana estreinatu ahal dute eta beste Jaialdi batzuekin eta egoitzekin harremanak egiteko bidea zabaltzen diegu.

Aukeratzeko irizpideak hauexek izaten dira: lanaren interes artistikoa batik bat, esperimentazio maila, oihartzuna izateko gaitasuna, talde edo artisten ibilbidea, proiektuen bideragarritasuna eta euskararen tratamendua.

Beste edizioekin konparatuz, zer-nolako ekarpen berriak izan ditu aurtengo BAD-ek?

Ekarpen berri nahikotxo izan dira aurten, jaialdia bera aberastu dutenak. Jaialdiak elkarlan ugari bultzatu ditu, Zinebirekin, Consonni arte produktorearekin, Arriagarekin, edota, aurrekoetan bezala, ADDErekin. Eta datorren edizioetarako beste agenteekin elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu jaialdia bera indartzeko eta sendotzeko asmotan.

Krisialdiaren eragina nabarmena izan da antzerkiaren kulturan aurtengo edizioan? Nolako erantzuna izan du BAD-ek jendearen aldetik?

Krisialdiaren eragina, kulturan orokorrean eta arte eszenikoen esparruan bereziki, aspaldiko gauza da, beraz, ez dut uste aurtengo edizioan gehiago nabarmendu denik. Iaztik hona jendearen erantzuna hobea izan da, jende gehiago, eta berria ere, hurbildu da, gaztea batez ere. Arte eszeniko bizien esparruan ikuslearekiko hurbiltasunerako joerak jendea erakartzen duela gero eta gehiago uste dut.

Exit mobile version